- Título original: Galtzerdi suizida
- Ilustrador: Antton Olariaga Aranburu
- Traductor:
- ISBN:
- Editorial: Elkar
- Colección:
- Fecha de edición: 2001
- Fecha de impresión: 2001
- Lugar de publicación:
- Nº páginas: 98 p. 20x13 cm
- Nº edición: 1ª ed.
- Encuadernación: rústica
- Lengua original: Euskera
- Lengua de publicación: Euskera
- Premios:
- Categoría: Literatura infantil y juvenil
Galtzerdi bat delako protagonista nagusia darama liburuak hain izenburu bitxia, edonori jakin-mina pizten diona. Izan ere, galtzerdi baten ahotan jarri ditu egileak edonork izan ditzakegun zalantzak eta burutazioak, senti dezakegun bakardadea edo maitasuna, etsipena edo bizi-poza… Fikziozko kontakizuna izan arren, gizakion eguneroko errealitatea islatzen du obra honek. Galtzerdi ausart batek lehenengo pertsonan kontatuko digu bere burua laugarren solairutik bota zuenetik maitasunaren kilimak sentitu zituen unerainoko gorabehera guztiak. Abentura eta erreflexioz betetako liburua delako da egokia nahiz gazte eta nahiz helduentzat.
Eta ezin da aipatu gabe utzi Antton Olariagak liburu honetan egindako lana. Mariasun Landaren testuari etxe eder bat egin dio arkitekto handi honek.
Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik bota nuen neure burua. Eta harrezkero gertatu zaizkidanak kontatu nahi nituzke hemen, niri, bederen, sinestezinak eta harrigarriak iruditzen baitzaizkit.
Adina: 8tik gora
Prentsako aipamenak:
– Xabier Etxaniz, Behinola 6.zenbakia maiatza Harriduratik abiatu
Harrigarria. Horixe da liburu honen izenburua irakurtzean senti dezakegun lehen gauza, harrigarria dela suizidioa agertzea haur (egia esan liburu hau haur baino gaztetxoentzako da) literaturako obra batean, baina are harrigarriagoa suizidatzen den pertsonaia nor eta galtzerdi bat izatea.
Eta harridura horretatik abiatuta, edo beste modu batean esanda irakurlearen erakarpen horretatik abiatuta liburuko orrialdeetan barrena sartuko gara eta narratzailea galtzerdia duen istorioan murgildu. Harridurak jakinminari utzi dio lekua (nire kasuan, behintzat) eta jakinminak umorearekin eta bizitzaren inguruko gogoetarekin egiten du topo galtzerdi xelebre eta itxuraldatuzale abenturetan.
Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik bota nuen neure burua. Esaldi indartsu horrekin hasten da liburua, baina suizida narratzaile onekin gertatzen den bezala, galtzerdiek ez dute bere buruaz beste egiten… edo bai? Izan ere laugarren solairutik jauzi egin ondoren beste bizitza bati ekingo dio galtzerdiak, eta bizitza horretan (gure bizitzaren errealitatea beste ikuspuntu batetik azaltzeko parada paregabea) maite duen jendea izango du ondoan galtzerdiak, baina baita bortitza eta sentimendurik gabekoa. Gertakarien narrazio hau, gainera, galtzerdiaren gogoetekin (eta hauetan oso esanguratsuak dira Plinio aurreneko jabearen pentsamendu filosofikoak), sentimenduekin, ikuspuntuekin osatzen da. Horrela, Mariasun Landak gertakari bortitzak, bizitzaren errealitate gordina, amodioa, gizakiaren ezagutza edo umorea nahasten ditu liburu interesgarri honetan. Galtzerdi protagonistak (Augusto izena jarriko dio bere buruari une batean) oso modu zuzenean kontatuko digu bere istorioa, bere buruaz beste egitea erabakitzen duen unetik amaierarako musu korapilotsua arte; eta estilo zuzen horrek oso arin irakurtzea dakar. Augustoren istorioan protagonistarekin identifikatzen gara… neurri batean, galtzediaren ikuspuntutik (eta irudietan ere oso ongi lortua dago hau) kontatzen baitzaigu.
Irakurleak gozatu egingo du Mariasun Landaren istorio honekin, irribarrea ezpaineratuko zaio gertakariak jazotzen diren bitartean, baina baita idazlearen burutazioa kontuan izatean. Gainera, Antton Olariagaren irudiek ederki islatzen dute testua; tonua eta ikuspuntua oso ongi lortuak dira, eta irudi guztiak koloretan izateak aparteko xarma ematen dio liburuari.
Beraz, liburuaren itxura edo izenburuaren harrigarritasunaz haratzago, orrialdeetan murgiltzeko moduko liburu aparta dugu galtzerdi berezi honen istorioa.
– Gurutze Jauregi, AIZU 265.zenbakia 2002ko martxoa Istorioa: Landak galtzerdi baten fikziozko istorio benetan originala dakarkigu liburu honetan. Kontakizuna protagonistak, galtzerdiak alegia, bere burua laugarren solairutik botatzearekin batera hasten da. Hortik aurrera, istorio eta abentura ugari kateatzen dira gure galtzerdiak bizipoza topatzen duen arte; besteak beste, arratoi baten bisita, txontxongilo lanak, lapurreta, gladiadore jokoak eta garbigailua ezagutuko ditu.
Hoberena: Idazleak giza sentimenduak dituen galtzerdi ziztrin baten larruan sartzeko duen gaitasuna. Irakurleari galtzerdi begiak jartzen dizkio eta ikuspegi xelebre eta dibertigarri bat eskaintzen dio. Horren adibide dugu, esate baterako, garbigailu barrutik galtzerdiak bizitzen dituenak; zentrifugatuak, ur dzangadak, mugimenduak… primeran irudikatzen dira.
Nabarmentzeko: Plinio eta Lukas arrainaren ahotik bertso, poema eta esaldi aipagarri dezente azaltzen dira. Bestalde, Antton Olariagaren marrazki koloretsuak istorioaren osagarri paregabeak dira.
Norentzat: Azala eta barrualdea gainbegiratzean haurrentzako ipuin baten itxura duen arren, egokiago da gazte eta helduentzat. Egokia da, bereziki, haurrei hainbestetan, eta helduoi hain eskasetan, eskaintzen zaigun imajinazioa dastatu nahi dutenentzat.
Esaldi bat:hitz gogor, itsusi, alferrekoz egindako hostoak kendu behar dira, bihotzera iritsi arte.
– Mondragon Unibertsitateak argitaratua Plinio zaharra da galtzerdi honen jabea. Plinio zaharra naturalista eta idazle latinoa ere bazen: Historia Naturala bilduma zientifikoa idatzi zuen. Behatzen oso zalea zen, antza: Vesuvio sumendiaren erupzioa hobeto ikusteko gehiegi hurbildu eta itota hil zen. Ikusnahia zuen idazleak; jakingurak jota dago gure galtzerdia ere. Horregatik dira Mariasun Landaren liburuak bitxiak, xelebreak eta maitagarriak: kuriositatea sortzeko gaitasuna dutelako; bizitzaren inguruan hausnartzen laguntzen digutelako.
Egoera surrealista batetik abiatzen da liburua, hasiera bera da absurdua: “Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik bota nuen neure burua”. Horrela, bada, galtzerdi zahar eta zulatu batek, mundua ezagutzeko grinak bultzatuta, bizitza ezagutzera jaurtiko du bere burua. Abentura ugari biziko ditu: aktorea izango da, gladiadorea, bakardadea eta laguntasuna ere zer diren jakingo du. Gertaera bakoitzetik zer edo zer ikasiko du. Horrexegatik atalen amaieran geldiune interesgarriak daude: hurrengoaren zain uzten gaitu narratzaileak.
Filosofiako esamoldeak ere badaude, edo idazleak dioenez, olerki zatitxoak: Plinioren berbak, galtzerdi protagonistak bizi izandakoaren arabera burura datozkionak, alegia, “Gazteak bururik ez, zaharrak indarrik ez”, adibidez. Filosofia zein maitasuna eta sentimenduak agerian jartzen dira honakoarekin: “Maite ninduzulako orain nago bakarrik, zerbait eman nahi zenidan ta utzi nauzu hutsik”, M. Azurmendi poetak idatzi eta Imanol abeslariak aspaldi grabatutako hitzekin.
Ipuinen osagarriak dira Antton Olariagaren ilustrazioak, sugerenteak oso, azpitik edo goitik hartutako argazkiak bezala, detaile bitxiak, kuriosoak azken horiek ere eta, aldi berean, ederrak.
Ironia eta umore fina darie pasadizo batzuei, esaterako haurrei “izaki” deitzen dienean, haurrak ulergaitzak baitira galtzerdiarentzat, portaera basati eta arraroak dituzten izakiak baitira.
Idazleak liburu honen istorioak baliaturik, biziaren alde egiten du. Baikor sentiarazten gaitu irakurketa amaitzen dugunean.
Beraz, atsegin handiz irakurtzen den liburua dugu, edozein helduri irribarrea irtenarazten dien horietakoa.
- Bretón: Ma buhez berrloer
- Catalán: El mitjó suicida
- Castellano: El calcetín suicida
- Gallego: O carpín suicida
- Euskera: Galtzerdi suizida